• Español
  • Euskera
Sormena

Zer funts teorikok babesten dute proiektu hau?

Lehenik eta behin, haurrek sortzeko ahalmen handia dute, baina ikastetxean ez dute garatzen. Aitzitik, ikastetxeak murriztu egiten du ahalmen hori zenbait neurriren bidez. Neurri horiek ordenaren mantentzearekin, elkarbizitza-arauen aplikazioarekin edo ikasgelako metodologia akademizistekin dute zerikusia sarritan (Sir Ken Robinson). Jakina, ez da beharrezkoa eskola-jardunaldi osoa sormenera irekitzea. Haurrek arauak betetzeko, oinarrizko ordena bat mantentzeko eta ikasgelan irakasgai bakoitzari dagozkion jarduerak egiteko beharraz konturatu behar dute. Baina, era berean, jakin behar dute izango direla uneak gogoeta egiteko, ideiak aurkezteko, ekimenak egiteko, elkarrekin irtenbideak bilatzeko eta parte hartzeko, irakasgaiei dagozkien orduen barruan eta beste une “berezi” batzuetan. Inori ezin zaio eskatu beti sortzaile izatea. Sortzeko prozesuak aldez aurreko prestaketa behar du. Beharrezkoa da ikasleek motibatzeko edo porrotaren aurrean erreakzionatzeko teknika jakin batzuk ezagutzea eta praktikan jartzea (sorkuntza-jarduera batean parte hartu aurretik, adibidez). Sormenak ere bere arauak eta bere prozedurak ditu, eta ikasleak barneratu egin behar ditu. Sormena zertarako? Sortzeko prozesuarekiko motibazio intrintseko bat txertatu behar da irakasleengan eta, azkenean, ikasleengan. Irakasleek eskola dinamikoagoak eta ikasleen parte-hartze handiagoarekin emateko dituzten aukerak baliatu behar dira, haurrengan gaitasun hori hobetzeko. Era berean, ikasleek jolasteko, pintatzeko eta ongi pasatzeko jardueratzat hartu behar dituzte jarduera horiek hasieran, baina gogoeta egiteko, pentsatzeko, partekatzeko eta arazoak guztien artean sistematikoki konpontzeko tresnatzat geroago. Eta parte-hartzea balioetsi beharra dago. Ikaskuntza ez da beti emaitzetan oinarritu behar; prozesuan eta prozesuarekin ere ikasi beharra dago. Prozesu horretan, ikasleei sorkuntza-jardueran arreta jartzen edo arreta kentzen (komeni denaren arabera) lagunduko dieten “amu” edo sorkuntza-teknika sinple batzuk prestatu behar dira. Hari bati jarraitzen, antzekotasunak bilatzen eta beste erabilera batzuk ematen lagunduko dietenak, alegia. Hau da, beste era batera begiratzen, beste egoera batean jartzen eta arazoa ikusteko distantzia aldatzen lagunduko dietenak. Sorkuntza-joko honetan, ikuspegi berriak irekiko dizkieten laguntza-kartak eskatu ahal izango dituzte ikasleek. col_creatividad Horrela sortu da…

BIRSOR ZAITEZ

Ikus dezagun zer dioen Edward de Bono autoreak sormen-pentsamenduaren lau garapen-faseei buruz:

  • Ideiak sortzeko etorria; ez da lehen ideiarekin geratu behar, ahalik eta ideia gehien atera behar dira,
  • Gauzak beste ikuspuntu batzuetatik ikusteko malgutasuna (adibidez, nola ikusiko luke arazo hori pieza bakoitza identifikatzen eta muntatzen ohituta dagoen mekanikari batek edota autoak desegiteko leku batean lan egiten duen eta objektu jakin bat piezatan zatitzen ohituta dagoen pertsona batek?),
  • Originaltasuna; sormenaren ezaugarririk bereizgarriena da. Besteek ez dituzten ideien ekarpenarekin du zerikusia. Egia da haur bakoitzak originaltasun desberdina duela berez. Baina, seguruenik, “kantitatetik kalitatea lortzen dela” dioen esaera aplikagarria da kasu honetan ere. Haurrak ideia asko sortzen eta egoerak beste era batean ikusten ikasten badu, baliteke bizitasun handiko ideiak izatea. Eta, gainera, beste batzuek bilatzen ez duten lekuetan bilatzeko teknika zehatzak erakusten badizkiogu, aukera gehiago izango ditu. Zenbaitetan, ideiak bizipenei lotuta daude, eta aurreko esperientziaren ondorio dira. Baliteke arazo hori edo antzeko bat eduki izana, eta ideia hori aplikatu izana. Lanbide-esperientziaren kasua da.
  • Elaborazioa edo fintzea; aldez aurretik sortutako soluzio bati aukera berriak, osagarri berriak edo erabilera berriak gaineratzean datza. Fase horretan, ikasleek gaiaren inguruan dituzten aldez aurreko ezagutzen kantitatea eta kalitatea funtsezkoak dira. Fase horretan, gainera, neurriak, kontzeptuak eta prozedurak gaineratzen dira. Azken batean, ideia hobetu egiten da arazo zehatz batean aplikatzeko.
BIRSOR EZAZU

Lehen Hezkuntzan, jolas-jardueren bidez ideia asko sortzeko gaitasuna garatzea ahalbidetuko duten teknikak landu eta jarrerak bereganatuko dituzte ikasleek. Beste leku batetik eta beste ikuspuntu batzuetatik begiratzen eta, era horretan, ideia askoren artean original batzuk sortzen ikasiko dute. Ikus dezakegunez, Bonoren lehen hiru faseak landuko dituzte funtsean, baina lehen fasea Lehen Hezkuntzako etaparako bereziki aproposa dela dirudi. “Ahalik eta ideia gehien sortzen saiatzea”.

SOR ZAITEZ

Bigarren Hezkuntzan, aurrera egingo dute sormena erabiltzeko prozesuan, arazo errealak zein gero eta arazo konplexuagoak konpontzeko. Horretarako, ikasitako ezagutzak zein irizpide pertsonalak erabili beharko dituzte. Hainbat galdera planteatu beharko dituzte (hurbileko objektu batzuk zergatik diren diren bezalakoak, zergatik dauden horrela eginda eta nola hobe litezkeen) (DBHko 1. maila). Halaber, ezagutzen dituzten egoera jakin batzuetara nola irits daitekeen eta egoera horiek nola alda daitezkeen pentsatu beharko dute (DBHko 2. maila). Proiektu batek arrakasta izateko proiektu hori behar bezala sustatzen eta merkaturatzen jakiteak duen garrantzia balioetsiko dute. Produktu beretik abiatuta, proiektu hori bere egin, eta ikaskideak “konbentzitzeko” proiektu bat sortu beharko dute (DBHko 3. maila). CEIAn ekintzailetza-teknikak ikasteko lau ordu eman ondoren, helburu hori izango duten jarduera berriak sortzeko aukerak aztertu eta azken ondorioak aterako dituzte (DBHko 4. maila). Gizarte-eremuko, tokiko eremuko edo ikastetxeko arazo konplexuak konpontzeko irtenbideak proposatuko dituzte. Adibidez: bizikletaren erabilera Gasteizen (Batxilergoko 1. maila). Sormen-teknika konplexuak erabiliko dituzte (hala nola 635 teknika), eta ideiarik onena hobetuko dute, hobekuntza teknologikoak, sozialak eta ikastetxekoak egiteko: nola hobetu ikastetxeko berrikuntzaren irakatsi eta ikasteko prozesua (Batxilergoko 2. maila). Bonoren faseen artean, Bigarren Hezkuntzan azken hirurak lantzen dira nagusiki, eta azkena bereziki (“ideiak fintzea, kasu erreal eta konplexuetan aplikatzeko”). Sormen-jarrerak era errekurtsiboan berrikusiko dira. Bigarren Hezkuntzan, gainera, era bateratuan landuko dira gure “berrikuntza” kontzeptuari, ekintzailetzari eta zabalkundeari lotutako beste bi gaitasunak. Eta, batez ere, eta arlo guztietan, ikasleek “beren buruari galderak egin diezazkioten”, “gogoeta egin dezaten”, “gauzak zalantzan jar ditzaten”, “irudika dezaten” eta “ebatz dezaten, irtenbide berrien ekarpena eginez” bilatu beharko dugu.